Berri interesgarriak

Anitzak Hitzak

Bideoa

Herriak

Egutegia

Kontaktua

RSS

Edukiak

Sarrera

lanitzak-izena
ANITZAK EKIMENA: JATORRI ANITZ, HERRI BAT

Anitzak ekimena Euskal Herritik kanpo etorritako pertsonez osatutako herri ekimen bat da, gure jatorriak askotarikoak izanik; espainiar eta frantses estatuetako herri ezberdin, Europa Batasuna eta Europa Batasunaz kanpoko lurralde eta herri anitzekoak.

Gure ekimena oso koiuntura zehatz batean sortu zen, negoziazio prozesu bat abian zegoela. Gure hasierako asmoa prozesu horren alde egitearena izan zen, gu, kanpotik etorriak izan arren, herri honen parte sentitzen ginen heinean.

Egun, egoera oso bestelakoa izanik, ez diogu uko egiten bide horri ekiteari, prozesu hori bideragarri egiteko baldintzak berriro sor daitezen. Horrekin batera, aldiz, Anitzakideok pertsona migratzaileon eskubideak eta Euskal Herriari, nazio gisa, dagozkion eskubideak bateragarriak direla irmoki sinistuta gaude. Hau dela eta, aldarrikapen honen defentsara ere gure lana zabaltzea erabaki dugu. Lan hori elkarren aitortzaren politikak aurrera eramateko baldintzak sortzean datza. Baldintza horiek konpromiso bikoitz baten ezarpenean oinarritzen dira:

Batetik, hona bizitzera etorri garen migratzaileok Euskal Herria nazioa existitzen dela jakin eta onartzea, eta, beraz, nazio bezala dagozkion eskubideak (politikoak, sozialak, kulturalak eta linguistikoak) aitortzea.

Bestetik, euskal jendartearen aldetik, migratzaileok gure historia, hizkuntza, kultura, identitatea, eta baita gure naziotasuna ere, dugun subjektu gisa onartuak izatea, eta, onarpen honekin batera, Euskal Herriko eskubide osoko herritar bezala aitortuak izateko jatorrizko identitate horri uko egitera behartuta zertan egon ez dugula adieraztea.